Gure nortasun zeinuak
Proiektua azaltzerakoan, honako hitzez azal daiteke: gune sozial zabala, anitza, kultura nagusiarekiko kritikoa, ekimen mota guztiak, hala nola sozialak, kulturalak, politikoak, artistikoak, ludikoak... bere baitan bil ditzakeena.
Balore gizakizaleen garapenarekin bat egin eta jada egon dagoenari aurre egiteko jarrera kritikoak agerrarazten dituen jendearen bilgunea.
Jadanik dagoen gauza berbera ez errepikatzeko, ohikoaz aldentzen den eskaintza berri bat emateko, Bidasoaldean normalean daukagunari beste aukera bat gehitzeko asmoz abiatzen gara.
Horregatik gune erakargarri eta goxo bat, batez ere jendearen arteko komunikazioa, solasaldia lasai eta patxadaz egiteko toki bat dugu gogoan. Horrelako girotik sortuko eta zabalduko dira ekimen pertsonal edota kolektiboak.
Honela izan dadin, irudimena, sormena, kemena, elkar ulertu eta elkarren berri izateko desioa, jarrera lagunkoia beharrezkoak dira.
Lan eta harreman era bat behar dugu, honako hauek bermatzen:
Proiektua aurrera eramateko partaidetza. Kabigorriren nortasun zeinurik handiena den aniztasunari begirunea.
Kabigorrin elkar bizi garen eta interes ezberdinak ditugun pertsonen errespetua eta elkarbizitza ahalbidetuko duen integratzeko gaitasuna.
Autonomia pertsonala, askatasuna eta ardura beharrezkoak dia bakoitzak onena eman dezan, bere gain hartzen dituen lanak aurrera eramango baditu. Gure lanean elkarren zelata ez baina elkar laguntza, emankorrago ez ezik gure izaera eta helburuei lotuagoa iruditzen zaigu.
Zehatz dezagun
Eusko Legebiltzarrak onetsitako otsailaren 12ko 3/1988 legearen babesean egin eta denon eskura dauden Kabigorriren Estatutuetan, bazkideon eskubide, eginbehar eta funtzionamendu arauak jasoak daude.
Gida honen bitartez, Kabigorri hobeto erabiltzeko Asanblada ezberdinetan hartutako erabakiak ezagutarazi nahi dira, lan egin nahi duten bazkideen partaidetza bultzatuz eta, halaber, Kabigorrin eskura ditugun bitarteko eta guneen berri emanez, nola erabili jakin dezagun. Hortaz, nola funtzionatzen dugun erakusten da, zer proposatu izanez gero nora jo jakin dezagun. Denok gaude Batzordeen lanean pate hartzera gonbidatuak.