Ekitaldiak 2015
Pelikula: EUSKAL HARRIAREN ABDak
2015.eko Abenduaren 13an, 19:30etan.
EUSKAL HARRIAREN ABDak
Teknologiak bahitutako Maritalavistaren etorkizunetik, Belegor Anaien denboran izoztutako Euskal Herri jatorrera, KKinzona Produktionsen landa- beldurretik Koldo Almandozen merkatal zentruko drama mitologikora edo... Jorge Gilen thriller folklorikotik Chochowsky Ahizpen distopia feministara.
Hori guztia eta gehiago topatu daiteke Euskal Harriaren ABDak film kolektiboan. Zinegile profesionalak, oilar-pisuan borrokatzera ohituak dauden
amateurrak eta lehen aldiz kamera bat hartu eta labur bat grabatzeko abenturan murgildu diren animatu inkontzienteak. 2014ko udan euskal alfabetoko 26 hizkietako bat egokitu zitzaion bakoitzari eta hizki horretatik abiatuta beldur, zientzia fikzio edo fantasiazko film labur bat egiteko eskatu zitzaien.
Elsa Oliarj Inesen kafez lagundutako bideo-sorkuntza odoltsutik Katihotsak Logiaren filologia thrillerera, Iñigo Acharen bilaketa meta-zinetik AK 47 lapurtarren mezu, doinu eta groovera edo... Ane Urkiolaren zorigaiztoko bingotik Ziritranka filmak-en gabon ipuin desfasatura.
7 probintzietako zinegileak, bakoitza bere aldetik lanean, 26 film laburrez osatutako film bat osatzeko. Jarri zitzaizkien baldintza bakarrak: laburrak euskaraz grabatzea, euskal elementuetan oinarrituak egotea eta goitik behera, Euskal Herrian ekoiztuak izatea.
Xumar Altzugarairen Olentzero serial killerretik JAZPANA! Kultur Elkartearen Ultrafesta futuristara, Eneko Olazabal eta Santi Leoneren euskararen Eri otzetik Alexander Garacotcheren bihurguneko neskaren remakera edo... Robert Robichet-en 3. faseko topaketa surrealistatik Askatu Piztiaken Kennedy Toole usaina duen Abereen Etxaldera.
26 labur, film bat, Euskal Harriaren ABDak.
FITXA TEKNIKOA
IZENBURUA: EUSKAL HARRIAREN ABDak
IDEIA ORIGINALA: KATIHOTSAK LOGIA
KOORDINAZIO TALDEA: MIKEL ALVAREZ, JON ARTOLA, BEÑAT ITURRIOZ, DAVID LARRAÑAGA eta OSKARBI SEIN
ZUZENDARITZA, GIDOIA eta EKOIZPENA: HAINBAT (EUSKAL HERRIKO 26 ZUZENDARI)
EKOIZPEN URTEA: 2015
HERRIALDEA: EUSKAL HERRIA
GENEROA: BELDURRA, ZIENTZIA FIKZIOA, FANTASIA, UMOREA
IRAUPENA: 126 min
FORMATUA: DIGITAL · SCREEN · RATIO: 16:9 KOLOREAN eta TXURI BELTZEAN
SOINUA: STEREO
JATORRIZKO HIZKUNTZA: EUSKARA